XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kultura klasikoa

Orfeok Naturako izaki guztiak musikaz hunkitzen bazituen, hala greziarrek nola erromatarrek hitzaren artea oratoria lantzen zuten pentsamenduak komunikatu eta solaskideak konbentzitzeko.

Oratoria

Bokantzaz edo elokuentziaz hitz egiteko artea da; hitzaren bidez atsegin eman, konbentzitu eta hunkitzeko artea. Arte hori menderatzen duenari hizlari esaten zaio. Arte guztiek legez, oratoriak ere berezko dohainak, ezagutza eta trebakuntza behar ditu. Eta, oratoriaren funtsezko elementua hitza denez, hiztegia sakontasunez ezagutzea beharrezkoa da.

Mendebaldeko munduak oratoria klasikotik hartu ditu ereduak, eta horregatik komeni da, bada, denboran atzera egin eta mundu klasikoko zenbait alderdi ezagutzea.

Grezian. - Gazte greziarren heziketa oratoriaren arte zailean nabarmentzeko bideratzen zen, horixe baitzen bizitza publikoan postu hoberenak lortzeko biderik eraginkorrena.

- Hizlari greziar entzutetsuenak ondoko hauek izan ziren: Isokrates, Lisias eta Demostenes (guztiak K.a. V. eta IV. mendeetakoak).

Erroman. - Erromatarrek konbentzitzeko bide bezala erabili zuten hitzaren artea. Erromatarren oratoria ez zen greziarrena bezain erretorikoa, baina adierazpena eta bokantza lantzea zen heziketaren oinarrietako bat (ikus 47. orrialdea).

- Hizlari famatuenen artean Marko Tulio Zizeron (K.a. I. mendea) nabarmentzen da.

Hitzaldi-motak

Helburuaren arabera, hitzaldiak hiru mota hauetakoak izan zitezkeen: eztabaidakoa, auzitegikoa eta epidiktikoa.

- Eztabaidakoa edo politikoa. Asanblada eta bilkura politikoetan egin ohi zen eta haren funtzioa egoera jakin baten aurrean (gerra, barne-arazo politiko bat...) hartu beharreko erabakiaz aholku ematea zen.

- Auzitegikoa edo forensea. Auzitegietan egiten zena. Erruztatuaren defentsa edo, alderantziz, akusaziorako erabiltzen zen.

- Epidiktikoa edo erakusgarria. Hitzaldi-mota hori hizlariak bere dohainak eta erretorikaren menderakuntza erakutsi nahi zituenean aukeratzen zuen. Pertsonaia garrantzitsuak goresteko erabiltzen zen.

Demostenes (K.a. 384-322) Demostenes hizmotela izan omen zen gaztetan. Arazoaz ondo jabetuta, egunero jarduten zuen erreka ondoan hitz egiten, eta ahoskera trebatzeko bide bat bururatu zitzaion: hitz egin bitartean harri-kozkorrak sartzen zituen ahoan. Bere kemen eta eginahalari esker garai guztietako hizlaririk hoberen eta ezagunena bihurtu zen.